Euskal Antzerkiaren Sortzaile Berriei Laguntzen

Tel.: (+34) 615 77 95 11   ·  ehkozubi@gmail.com

ZubiHome

EUSKAL ANTZERKI SORTZAILE BERRIEI ZUBIAK ERAIKITZEN

 

Ilusioz eta euskal antzerki sortzaile berriei laguntzeko 2012an hartu genuen genuen erabakia berretsiz, Azpeitiko 39. Euskal Antzerki Topaketen abaroan ZUbi egitasmoaren V. deialdiko emaitza berria aurkezten dizuegu, Formol Laborategiak ondu duen “Albuma” antzezlana. Berau, azaroaren 11n, ostegunean, Azpeitiko Soreasu Antzokian estreinatuko da eta ondoren euskal antzokietan zehar ikusi ahalko dugu. Pandemia tarteko, ez da erraza izan erronkari eustea baina azkenean badugu esku artean euskal antzerkigintzaren panoramari ekarpen interesgarria egin dakioken antzezlan berri bat.

 

Badira zenbait urte, hainbat eragile euskal antzerki sorkuntza profesionalaren egoerari buruzko kezkak, usteak eta iritziak elkartrukatzeko biltzen hasi ginenetik. Ordutik, sortzaile berriek profesionalizatzeko dituzten zailtasunetaz jabetuta, gure neurri apalean egoera hau iraultzeko zerbait egiten ahalegindu gara. Horrela bada, ZUbi proiektua, euskal antzerki sortzaile berriei bultzada emateko sortu genuen ekimena da, eta bertako kideek hautatua den proiektuari babesa emateko hartzen dugun konpromisoa du oinarritzat. Durangoko San Agustin Kulturguneak, Barakaldo Antzokiak, Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoak, Zornotza Aretoak, Kulturaz Azpeitiako Kultur Kooperatibak, Elorrioko Arriola Antzokiak, Hendaiako Mendi Zolan Kulturguneak, Zumaiako Aita Mari Antzokiak eta Artedramak Antzerki Arte Eszenikoen Plataformak osatzen dugu proiektua. Gure bultzada zehazki, aholkularitza artistiko eta administratiboan, sormen egonaldiak ahalbideratzen, ekoizpenerako diru ekarpenean eta areto bakoitzeako emanaldi baten kontratazioan (10 guztira) gauzatzen da.

Elkarlan proiektu honi honi esker, 2013an Dxusturi Teatroaren “Konpota” bultzatu genuen, 2015ean Lauka Teatroaren “Amodioaren Ziega”, 2017ean Beheko Larraineren “Atte Hil Aurretik”, 2018an Benetanbe Konpainiaren “Inondik inora” antzezlana eta 2019an Rubik konpainiaren “Babesleku arrotzak eta animalia bakartien hotsak” antzezlana.

 

Euskal eszenatokietako argia ikustear dagoen Formol Laborategiaren “Albuma” lanari ibilbide emankorra opa diogu eta datozen hilabeteotan honako plazetan ikusteko gonbitea luzatzen dizuegu:

 

AZAROAK 11 AZPEITIA (Estreinaldia)

AZAROAK 12 ZORNOTZA

ABENDUAK 3 OÑATI

ABENDUAK 5 LESAKA

ABENDUAK 6 DURANGO

ABENDUAK 12 LUHUSO

ABENDUAK 17 OION

ABENDUAK 19 USURBIL

URTARRILAK 28 ZUMAIA

OTSAILAK 12-13 DONOSTIA

MARTXOAK 12 HENDAIA

 

Hoietaz gain Elorrio, Barakaldo eta Aulestin ere izango dira, besteak beste.

Bidali zure proposamena abenduaren 13a baino lehen.

Euskal Antzerkiaren Sortzaile Berriei Laguntzen                                                                                                  Tel.: (+34) 615 77 95 11              ehkozubi@gmail.com